"Gaueko gezurrak: itzulpena lantegi", J. Zabaleta (2009)

Gesualdo Bufalinoren Le menzogne della notte eleberriaren itzulpena dela-eta, eleberri hori itzultzea izan zen esperientziaz hitz egiteko eskatu zidan ItzulBaitak.

Aukera bat baino gehiago nuen lanari heltzeko. Bat, klasikoa, testuari lotua: jatorrizko testuaren eta testu itzuliaren arteko alderaketa bat eginez, itzulpenaren kritikari batek egingo lukeenaren modukoa nolabait; arazo- eta irtenbide-sailkapen gisako bat, testuaren maila desberdinen arabera antolatua; "zer zailtasun izan duzu eleberri hori itzultzen?" galdetu izan balitzait bezala-edo.

Horrela adierazita barregarri samarra badirudi ere, era horretako ekarpenak interesgarriak izaten dira itzultzailearentzat, beti ematen dute zer pentsatua eta zer ikasia. Beste itzultzaileek beren itzulpenak egiteko erabiltzen dituzten irizpideak, aurkitzen dituzten oztopoak, zailtasunak, gainditu behar dituzten nekeak eta aurkitzen dituzten irtenbideak eta saihesbideak, interesgarriak ez ezik, lagungarriak ere izaten dira. Azken finean, gure artean, euskal itzultzaileen artean, era askotako testuak eta hizkuntza desberdinetatik itzultzen jardun arren, badugu denok berdintzen gaituen, leku berean jartzen gaituen faktore nagusi bat: euskara. Ez dut esan nahi euskara hizkuntza gisa, bere historiaren egoera jakin batean dagoen hizkuntza gisa baizik: normalizazio-bidean baina normalizatu gabe, baliabide gutxirekin, erabiltzen den gizartean bertan ere gutxi erabiltzen den eta euskararen gaurko egoera ezaugarritzen duten beste hainbat faktorek berebiziko eragina duten hizkuntza bat, alegia. Faktore horiek guztiak hartu behar ditu kontuan itzultzaileak, eta itzultzen ari den denbora guztian egin behar ditu horien araberako hautuak.

Itzulpenak, eta are gehiago literatura-itzulpenak, oso bizkor aldatuz doan, modek eragin handia duten eta eredu fidagarri askorik ez dagoen hizkuntza batera egiten dira gure artean. Horregatik, itzultzaile batentzat interesgarria da beti beste itzultzaileek zer iritziren arabera zer hautu egiten dituzten ahalik eta xehekien jakitea. Nire kasuan, etengabeko jarduna izaten da hau, lankideen artean etengabe darabilgun gaia, han eta hemen agertuz doazkigun itzulpen-arazoez hitz egiten dugunean mila modutan zehaztuz joaten garena, eta horrexek laguntzen digu, neurri handi batean, gure jarraibideak nondik bideratu erabakitzen.

Eskertzekoak iruditzen zaizkit era honetako ekarpenak. Eta zentzu berean eskertzekoak iruditzen zaizkit elkarri egiten dizkiogun zuzenketak eta oharrak, gutxien-gutxienez, testu beretik egin daitezkeen itzulpen desberdinen eta, horrenbestez, itzulpen-jardunbide desberdinen kontrastea bistaratzeko balio dutelako. Itzultzea den lanbide bakarti honetan -luma paperean edo behatza teklaren gainean jartzen denean, bakarrik aurkitzen da bat beti- aise gera daiteke itzultzailea kontrasterik gabe, eta hortxe du itzulpengintzak arriskurik handienetako bat, seguru asko: nork bere jardunbidea besteenekin ez alderatzean; ez ikustean mila burubide izan daitezkeela eta direla begien aurrean testu bat duzula beste hizkuntza batean haren baliokide bat idatzi behar duzunean.

Horregatik iruditzen zait sanoa eta interesgarria norbere itzulpenezko burubideak komunikatzea eta kontatzea. Izatez, zuzenketaren antz handia du, gainera, komunikazio horrek. Hain zuzen ere, lehen esan ditudan itzulpenezko arazo eta zalantzak adierazteak, egindako aukerak arrazoitzea esan nahi baitu, eta aukera bat egiteak beste aukera bat arbuiatzea esan nahi du, aldi berean, hau da, arrazoi batzuk izatea aukera baten alde eta bestearen kontra. Zuzenketak egiten duen gauza bera.

Irakurri osorik (pdf)