Itzulpena egunerokoan, eguneroko itzulpena - Mahai ingurua eta umore ikuskizuna

Itzulpena egunerokoan - Eguneroko itzulpena

Gure egungo gizartean itzulpengintza egunero eta modu askotara burutzen den jarduna dela ohartarazteko xedez antolatu zuen ItzulBaitak jendaurreko bere lehen ekintza, eta hala baieztatu zuten mahai-ingurura bildutako Jon Larrea Fagor Arrasateko Estanpazioko salmenta arduradunak, Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako Salaketa eta Informazio Bulegoko arduradunak, Katixa Garate ERASMUS programa eginiko kazetariak eta Joseba Ossa Bakun itzulpen enpresako arduradunak, Bego Montorio EIZIEkideak moderaturik.

Euskal Herrian burutzen diren itzulpenen ikuspegi zabala eman zuten hizlariek, zeinek bere alorretik begiratuta, eta hala egiaztatu ahal izan genuen egunero gertatzen diren eta gehienetan oharkabean pasatzen diren zenbait itzulpen praktika badagoela, itzultzaile-interprete profesionalek burutzen dutenaz aparte.

  • Jon Larreak nazioarte zabalean diharduen euskal enpresa batek dituen hizkuntza eta itzulpen beharrak azaldu zituen eta horiei nola erantzuten dieten. Besteak beste azpimarratu zuen bezeroarekin komunikazio egokia lortzea behar-beharrezkoa dela bere negozioan, eta horretan garbi ikusten dute itzultzaile eta interprete profesionalen lana ezinbestekoa dutela. Horrez gain, beharren neurriko beste irtenbide batzuk ere erabiltzen dituzte: langile eleaniztunak, telefono bidezko itzulpenak, etab.

Entzun hemen Jon Larrearen hitzak

  • Agustin Unzurrunzagak argi utzi zuen gure artean gero eta ugariagoak diren etorkinen kasuan, legeak eta administrazioek aurreikusten dutena baino askoz itzulpen behar handiagoa dagoela. Gobernuz kanpoko erakundeetako boluntarioek, etorkinen lagunek, senitartekoek… betetzen dituzte maiz itzultzaile lana, ahal duten moduan eta behin baino gehiagotan egoera larrietan eta ez dagozkien erantzukizunak bere gain hartuta. Adibide bat ematearren, medikuarenean gurasoen interprete gisa jardun behar izaten duten adin txikikoen kasua aipa daiteke. Osasun alorrean eta oro har administrazioan landu beharreko zenbait bide ere aipatu zituen.

Entzun hemen Agustin Unzurrunzagaren hitzak

  • Katixa Agirreren esperientziak buru barneko itzulpena ekarri zigun gogora, beste hizkuntza bat ikasten dugun guztiok, denbora luze edo laburragoan erabiltzen ohi dugun itzulpen mota aitorgabe hori.

Entzun hemen Katixa Garateren hitzak

  • Azkenik, Joseba Ossak itzulpen profesionalen merkatuak azken 15 urteotan izan dituen garapena eta aldaketak aipatu zituen. Datu esanguratsuenen artean aipa daiteke lehen ia erabatekoa zen gaztelaniatik euskararako itzulpen eskaria gutxituz doala eta gero eta gehiago eskatzen direla euskaratik gaztelaniarako itzulpenak, bai eta euskaratik gaztelania ez diren erdaretara.

Entzun hemen Joseba Ossaren hitzak

Itzulpenaren gaineko beste ikuspuntu bat ere ikusi ahal izan zen Irungo ekitaldian, Mikel Sarriegik zuzenduriko aktore taldeak hiru esketx antzeztu baitzituen hizlarien jardunarekin tartekaturik, orri honetan ikus daitezkeenak.

Aretoan bertan antolatutako itzulpen lehiaketa eroak eman zion amaiera ekitaldiari eta hara bildutakoek, irribarre zabalaz gain, gogoan izateko hainbat gai eta kontu eraman zituzten bueltan etxera. Agian, bertan banatutako ohar-kaieran idatziko dituzte, zeinaren orrietan, besteak beste, aipu hau aurki baitezakegu: Itzulpena ez da posible, baina itzulpenak bizi gaitu (Anjel Lertxundi).

Ekitaldi hau EIZIEk eta ItzulBaitak antolatu zuten, CEDROren babesarekin.