Lan saioaren laburpena

Azken urteotako literatur itzulpenen azterketa

Hona lan saioan aipatutako puntu nagusiak:

  • Literatur itzulpenei buruzko datu gabezia handia dago: datu base eskuragarririk ez dago, eta dauden datuak landu gabe daude.

Itzulpenen kalitatea

  • Literatur itzulpenen kalitatea ezin da epaitu euskaratutako obrak isolaturik kontuan hartuz gero. Kalitatea betiere erlatiboa izango da euskaraz sortutako literatur testuekiko, lehenago egindako literatur itzulpenekiko, bestelako itzulpenekiko, euskarak bizi duen egoerarekiko. Euskaratutako literatur lanak epaitzean, gainera, kontuan izan behar da lan horiek izate bikoitza dutela: batetik, berezko literatur testuak dira, eta, bestetik, itzulpenak.
  • Itzulpenen kalitatea nabarmen hobetu da azken urteotan. Alabaina, badago oraindik ibili beharreko bidea: ez da beti lortzen jatorrizko lanen efektu literarioa; batzuetan testu trinkoegiak dira, gramatikaren arabera baina zatika osatutakoak; jatorrizko testuak baino lausoagoak dira behin baino gehiagotan.
  • Itzulpen estrategiei dagokienez, azken testuen jatortasuna eta egokitasuna bilatzen dira gehiago hitzez hitzezko fideltasuna baino.

Itzulpenak eta euskaraz sortutako literatura

  • Euskarazko hizkera literarioa euskaraz sortutako eta euskarara itzulitako lanek sortzen dute, biek batera. Gurean, hizkuntza nagusietako komunitateen aldean, pisu handiagoa du itzulpenak.
  • Euskaraz sortutako literatur testuak, oro har, lauagoak ote diren susmoa dago.
  • Itzultzaileen eta idazleen arteko joan-etorriak ez dira behar bezain sarriak.

Euskara eta egoera soziolinguistikoa

  • Euskararen garapenak (korpusak, baliabide elektronikoak...) itzulpenak hobetzen lagundu dute.
  • Itzulpenetan eragin bereziki kaltegarriak dituzten faktoreen artean, hauek aipa daitezke: idazkuntzarako eta itzulpenerako beharrezko diren hainbat hizkera eta erregistro oraindik finkatu barik egotea, euskaradunen erkidego osorako baliagarriak diren hizkera eta erregistro zenbait ez egotea, euskaldunok oraindik hizkuntz erreferentzia asko frantsesez edo gaztelaniaz edukitzea...

Literatur itzulpenak eta bestelakoak

  • Oro har, literatur itzulpenetan gainerako itzulpenetan baino kalitate handiagoa antzematen da. Itzultzaileak hautatzeko prozedurek eta erabiltzen diren bestelako iragazkiek (zuzenketa, edizioa) eragin nabarmena dute horretan.

Itzultzaileak eta itzulpengintza

  • Euskaratutako literatura itzulitako lanen batuketa hutsa baino gehiago da, eta literatur itzulpengintza hori, oro har, hobetuko bada, norbanakoen gaitasunak hobetzeaz gain beharrezkoa izango da azpiegitura material eta, bereziki, kontzeptual egokia lortzea. Hizkuntza nagusienetan, esaterako, lan profesional handia egina da literatura itzulpenaren inguruan (filologikoa, estilistikoa, traduktologikoa...), eta horrek eragin nabarmena du itzulpen lan zehatzetan.

Garatu beharreko alorrak

Nagusiki, hauek aipatu ziren:

  • Zuzenketa eta edizioa.
  • Tresnak: erabilera hiztegiak; sarean ez dauden hiztegiak sareratu; itzulpen korpus kontsultagarriak sareratu.
  • Literatur itzulpengintzaren azterketa sistematikoa, filologia, literatura eta itzulpengintza alorren arteko elkarlanaz.
  • Literatur itzulpenen kritika berezitua.