Proiektua
EIZIEK abian jarritako proiektua da ItzulBaita, oraindik guztiz borobildu gabeko egitura baina pauso labur eta sendoz aurrera egiten ari dena.
2007ko urriaren 2an aurkeztu zen jendaurrean, eta Euskal Itzulpengintzaren etxea, erreferentzia gunea eta antena izan nahi du.
Itzulpengintzaren etxea izan nahi du, ez bakarrik itzultzaileena; leku fisiko bat, gune birtual bat. Euskal itzulpengintzaren erreferentzia gunea ere izan nahi du, egin denaren eta egiten ari denaren berri emango duena, ikerketak, gogoetak eta bestelako ekimenak kudeatu eta sustatuko dituena. Euskaratik eta euskararako itzulpengintza kontuan harturik, Euskal Herritik mundura eta mundutik Euskal Herrira antena izatea ere izango du eginkizun.
Beste ezaugarri batzuk ere ezarri dizkio ItzulBaitak hasiera-hasieratik bere buruari:
- Egitura osagarria izango da, inoren tokirik hartuko ez duena; lanerako eta gogoetarako bilgunea.
- Egitura malgua izango da, behar eta egoera berriei egokitzeko sortua.
- Erakunde berritzailea izan nahi du, planteamenduz eta jardunez.
- Zeharkakotasuna izango du jardunetan ardatz. Zeharkakoa gizarte arloei dagokienez (industria zein literatura), zeharkakoa eragile eta lankideei dagokienez (unibertsitatea zein telekomunikazioetako enpresak).



