Egikera
ItzulBaitak bere buruari ezarritako helburu eta lan ildoei egoki erantzun ahal izateko, egikera, lan egiteko modu zehatza hautatu du, zeinean egitasmoak prozesu itxiak diren, garbi definituak, zehatz dokumentatuak eta gainerako erakunde nahiz eragileekin partekatuak.
Prozesu itxiak. ItzulBaitak alor diferenteetan eginkizun dagoena aztertuko du eta, ondoren, egitasmo edo proiektu zehatzak diseinatuko ditu. Eginkizun orokor horretan eman ditzakeen urrats konkretuak definituko ditu, eta aurrekoen osagarri eta hurrengoen oinarri izan daitezen ziurtatzeko lan egikera eramango du aurrera.
Prozesu partekatuak izango dira beti ItzulBaitak bultzatutakoak, eginkizun bakoitzerako behar dituen ardurakideak eta lankideak identifikatu eta adostasunak landuko baititu. Eta lankidetzarako oinarrizko araua gainerakoen lana errespetatzea denez, ItzulBaitaren jokabidearen oinarrian dago besteek egin lezaketenik ez berak egitea, prozesu zabalagoen baitan arazorik gabe molda litekeen egitura izango baita.
Egitasmoak itxiak eta beste eskuetan uzteko modukoak direnez, informazioa eta ezagutza partekatzeko protokoloak eta metodoak zorrotz landu beharko ditu ItzulBaitak. Ekimen guztiek zehatz dokumenturik joan beharko dute eta xede konkretuak, prozedurak, hasierako eragozpenak, eragileak, parte-hartzaileak eta balantzeak bilduko dituen txostena prestatuko du ItzulBaitak ekimen bakoitzeko.



