Formen matxinada edo nola itzuli ziurgabetasuna ez areagotzeko, B. Arrizabalaga (2010)
Helduentzat euskaraturiko literaturaz ari garenean, ohartugabeki eleberriaz aritzera mugatu ohi gara, saiakera inork ez baitu literaturatzat benetan hartzen eta olerkia, aldiz, literaturegi delako edo, itzulpen saioetatik aienatua baitugu.
Saiakera literatura omen da, halere, eta saiakera baten itzulpena aztertzera ekarriz ausartu naiz, ausart jokatu duten hala idazleari nola itzultzaileari jarraia eginik, denok jakin bai baina bere osotasunean onartzen ez dugun hori plazaratzera; alabaina, aztergai liburu hau hautatuz, hala jatorrizko idazleak nola itzultzaileak eman duten erronkari erantzun beharra dut eskuartean, zeren jatorrizko testua literatura lan ez nolanahikoa badugu, are seinalagarriagoa baita, euskal letren egungo egoeran, itzultze lan ausart eta indartsu baten ondorioz sorturiko euskarazko irakurgaia. Halatan, bada, erronkaren handia kontuan harturik, jatorrizko testuaren idazleak egin ekarpen berritzailea aipatu ondoren, itzultzaileak eskainiriko lan eskerga eta are berritzaileagoaren gaineko ibilalditxoa egitera mugatuko naiz, han-hemenka agerikoen gertatu zaizkidan xehetasunak seinalatuz, gerora gogoeta sakonagoen sustatzaile izan daitekeelako esperantzan.
Horren egiteko, lehenik eta behin, jatorrizko testuaren ezaugarrien bila hasiko naiz, haiek itzulpenean zenbateraino emanak diren ikuste -eta erakusten saiatze- aldera.
Jatorrizko testua gaztelaniaz idatzia da. Zientzia zabaltzeko liburua da, jendeari zientziaren berri emateko liburua. Idazlea zientzialaria da, irakasle eta ikertzaile, fisikako doktore eta atzerakorik ez duten prozesuen teoriaren irakasle Bartzelonako Unibertsitatean, bai eta argitaratzaile, hizlari, idazle eta museologo.
Zientziaren hainbat alorretan egin ditu ekarpenak: kazetaritzako saiakerak, liburuak eta ikerketa lanak termodinamika, matematika, biofisika, mikrobiologia, palentologia, entomologia, museologia zientifiko, zientziaren filosofia eta abarreko alorretan.
La rebelión de las formas, o cómo perseverar cuando la incertidumbre aprieta 2004 urtean argitaratu zuen.
Itzulpenaz mintzatu aitzin, ikus dezagun, lehen aurreratu dudan bidetik joz, jatorrizko testua, literaturazko zein ezaugarri eta balio dituen, nolako testu den, horren ondoren, ordezkatu nahi duen euskarazkoarekin alderatu ahal dezagun.
Jatorrizko testuaren lehen argitarapena erabili dut, 2004koa, eta hemen emanen ditudan pasarteak haren antolaeraren arabera dira orrialdeetan kokaturik. Orrien zenbakia parentesi artean emana agertzen da, lehena gaztelaniazko testuari dagokio eta bigarren parentesia, berriz, letra etzanetan, euskarazko argitarapenari. Hala eman ditut, inork bi testuak erkatu nahi baditu, errazago gerta dakion.



